Navarra Live Music! egitasmoaren helburua da bultzada ematea musikaren sektore estrategikoari eta, horrekin batera, haren eragin kreatibo, ekonomiko eta irudi alorrekoa indartzea eta agerian jartzea Foru Erkidegoan.
Egitasmoaren lehenengo fasean, Nafarroako musika industriaren atlas bat egin nahi dugu. Datu base batean, sektoreko agente guztiak bilduko dira, denon parte hartzeari zabaldutako baliabide gisa, haiek guztiak ezagutarazteko erkidegoaren barruan nahiz kanpoan. Abiapuntuko ‘argazkia’ egin ondoren, premiak aztertu eta jardun lerroak landuko dira, helburua izanik Nafarroako musika ekosistema eta hari lotutako enpresa eta baliabideak indartzea turismo eta ekonomia alorretan.
Navarra Live Music! sortu da Nafarroako Gobernuaren Turismo eta Kultura zuzendaritza nagusiek batera eginiko ahaleginetik.
Helburuak: datu bilketako lehen fase baten ondoren, bildutako informazioa argitara emango da, pixkanaka eta sekzioka. Edonoren esku egongo den atlas bat, Nafarroan sortu edo egiten den musikari buruz gehiago jakiteko, informazio guztia biltegi bakar batean bildua.
Kategorizazioa: mapeatze lan hau egiteko, 14 sektore edo lan lerrotan banatu da Nafarroako musika industria, bakoitza bere fitxa espezifikoarekin, non agente bakoitzaren datu nagusiak biltzen diren, baita haren jardueraren xehetasunak ere.
Partaidetza: Navarra Live Music! egitasmoak ez luke zentzurik izango Nafarroako musika ekosistema osatzen duten agenteen eta artisten laguntzarik gabe. Foru Erkidegoko musika ekosistemaren datu baseak baliabide bizi izan nahi du, etengabe elikatu eta eguneratuko dena, guztion artean. Atlasean parte hartzea bultzatzeko, hainbat programa eta ekintza instituzional jarriko dira martxan.
Analisia: mapeatze lana egin ondoren, erkidegoko ekosistemaren magnitudea eta irismena aztertuko dira, musika industriaren ikuspegitik nahiz ikuspegi turistikotik, aberastasuna sortu, aniztasuna indartu eta kultura garatzen duen sektore gisa. Horri esker, gure musika ekosistema ezagutaraziko dugu, gure mugen barruan eta kanpoan, eta sektorearen indarguneak, ahulguneak eta premia zehatzak aztertuko ditugu, elkarrekin lan egiteko.
Oraina eta etorkizuna: Navarra Live Music! sortu da tresna bizi eta erabilgarri modura, musika indartu eta haren profesionalizazioa sendotzeko, baita ekonomia eta turismo alorrean duen eraginean sakontzeko ere. Gainera, elkar ezagutzeko eta eztabaidarako topagune ere izan nahi du, solaskide izan nahi du inplikatutako sektoreen artean, harreman gero eta sendoagoak sortzeko haien artean.